Sarrera

“Banda Txiki” bezalako talde batean parte hartzearen onurak

Taldeko jarduna oso ariketa gomendagarria da instrumentua ikasten ari direnentzat, talde batean interpretatzen ikasteaz gain, bermatzen baitu instrumentuarekin beste egun batez egongo direla kontaktuan, eta lagundu egiten du haien motibazioa eta taldearekiko identifikazioa areagotzen, hain zuzen, hori alderdi garrantzitsu bat den bizitzako fase batean.

Gure ikasleetako gehienak 8 urterekin hasten dira instrumentua jotzen, eta bigarren urtetik aurrera hasi daitezke beren instrumentuaren familiako taldeetan parte hartzen. Horrela, ganberako talde txikietatik, metalezko taldeetatik, perkusio taldeetatik edo klarineteen edo flauten ensembleetatik hasita, talde handiago batean sartzeko unea iristen da. Talde handiago horiek hainbat espezialitate hartzen dituzte, adibidez, zurezko haize instrumentuak, metalezko haize instrumentuak eta perkusioa:  Banda sinfonikoa.

Donostiako Musika Eskolan maila ezberdineko bi banda ditugu, eta horien asmoa da gure ikasleak bultzatzea banda batean musika jotzeko esperientzia zirraragarria bizitzera. Bi banda horiek Banda Txikia eta Banda Gaztea dira.

Lehen hiruhilekoan, taldearen lana da zuzendaridun talde handi baten laneko dinamika ezagutzea, entseguetan beharrezko arreta jartzea eta familia guztietako instrumentuak entzuten ohitzea.

Taldeak konpromiso bat du Gaztelubideko danborrada txikiarekin. Harekin urtero jotzen dute urtarrilaren 19ko danborradetan, Donostiako Alde Zaharrean zehar egiten den balio handiko ibilbide batean: Udaletxea, Sarriegiren estatua, Santa Maria Basilika eta Konstituzio plaza bera, hainbat orduren buruan festari hasiera ematen zaion lekua. Hori dela eta, hiruhilekoaren zati handi bat ematen dugu danborradako piezak ezagutzen, ikasleen mailara egokituta.

Gainerako hiruhilekoetan honako hauek dira helburu nagusiak: askotariko errepertorioak, kontzertuak eskolako jaialdian eta hiriko hainbat lekutan.

Talde horretan ematen duten denbora beti dago ikasleak bere instrumentuarekin duen bilakaeraren mendean. Oro har bi ikasturtez egon ohi dira bertan, denbora hori behar baita nahikoa erraztasunez aritzeko eta hurrengo mailara igaro eta atzetik datozen ikasleei lekua uzteko. Dena den, taldearen bilakaera beste faktore batzuen mendean dago, adibidez, ikasturte bakoitzean hasten diren ikasleen edo hurrengo bandaren, Banda Gaztearen, parte hartzaileen bilakaeraren mendean.

Scroll to Top